XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Legedia, horrela, borondate hutsezko zerbait bihurtzen da, eta jakina da bihotz ona ez dela nahikoa.

Orokorrean aurreikusitakoak mamitzen hasteko garaia jadanik heldu da.

J. Palacio jaunak bere hitzaldian Heidegger-en zita bati helduz, zera esan du: hizkuntza ez dela besterik gabe espresatzeko modu bat, baizik errealitatea, mundua, harremanak ulertzeko pentsamolde eta buru egitura bat.

Eta gure errealitatea sumatzeko, atzemateko modu hori nola helaraziko zaio bizitzetan eta ondareetan hainbeste ahalmen duen bati gure hizkuntza ez badaki?, nola uler daiteke hori ezagutza extra-juridiko bat bezala?

Sentsibilitate izpitxo bat duen edonork hartu beharko luke kontuan hiritar bat epaitegi batera nola hurbiltzen den, eta berez dakarren beldur horri bere hizkuntzan adierazpenak egiteko beste tentsio bat, beste borroka bat gehitu behar badio, ez al da plus gehiegi?

Izan ere, jakin badaki hainbeste ahalmen duen bati ezin zaiola gaizki erori, ez al da hala?

Eta auzitegi batera sartzean, aurkitzen duen lehenengoa ez da epailea izaten, atean dagoen funtzionario erdalduna baizik (en castellano, por favor) eta hortik aurrera, esandakoak kontuan hartuta pentsatu...

Garbi dago egoera honetan konstituzioaren berdintasun printzipioa (14. art.) eta prozesuaren hainbat oinarri hautsi egiten direla (aurreraxeago hurrentasun oinarriari buruz arituko naiz), eta ezin da aitzakiatzat hartu nire kideek egiten dituzten hainbat baieztapen, besteak beste ondokoak:

a) Jendeak ez du eskatzen. Justizia Administrazioa zerbitzu publikoa ere bada, ez da agintearen ezaugarri bat bakarrik, eta zerbitzua, hizkuntza bietan eskaini behar da (euskaldunoi zergetan ez zaigu beherapenik egiten).

Lehen aipaturiko baldintzak kontuan hartuta, zer eskatuko da, bada?

Nire epaitegian, normalean, jendeari ahozko ekitaldia zein hizkuntzatan nahi duen galdetzen diot, eta ez nintzateke urruti ibiliko, %70k euskaraz eskatzen dutela esango banu.

Tolosako beste bi epaitegietan ez dago eskaintzarik, eta ia dena gazteleraz egiten da.

b) Gutxiengo zaratatsu batek besterik ez du eskatzen. Lehen aipaturiko ebazpen horretan, Auzitegi Konstituzionalak 1986ko ekainaren 6ko epaian zera zioen: Konstituzioak ofiziala den hizkuntza zer den definitu ez arren, honi buruz eman den araudiaren edukina aztertuz hauxe esan dezakegu: hizkuntza baten ofizialtasuna ez datorrela bere errealitatetik edo gizartearen fenomeno gisa duen eraginetik, aginte publikoek komunikazio modu batez onartzen dutenean baino, hala agintea eta subjetu pribatuen arteko harremana hizkuntza horren bitartez egiten denean, balio osoa eta ondorio guztiak emanez

Irakurketa honen arabera, berdin da milioi erdik zein hamabost pertsonek egin eskakizuna, hizkuntza ofiziala bada.

d) Funtzionarioek ere edozein hizkuntzatan espresatzeko eskubidea daukate. Ez diet nik ukatuko eskubide hori hiritar moduan.

Biztanle arrunt moduan ez duzu euskara jakiteko obligaziorik, ezta zuzenbidea jakiteko ere, noski, baina hemen beste kontu bat ere badago.